ESKERTZA

Kaixo, ikastolakideok.

Euskal Herriko ikastolen izenean eskerrak eman nahi dizkizuegu guzti guztioi: ikasle, irakasle, guraso, langile eta zuzendaritzetako kide guztioi.

Ikasleoi, ikasgai itzela eman diguzuelako, eta konfinamendu egun hauek zuen ikasketa prozesuan aurrera egiteko baliatzen ari zaretelako, indar handiagoz gainera.

Irakasleoi, lehendik erakutsitako prestutasuna biderkatu egin duzuelako, ikasle guzti guztiengana iristeko esfortzu handia egin duzuelako, eta haiei berotasuna adierazteko eta haien eta gurasoen alboan zaudetela erakusteko ahalegin handia egiten ari zaretelako.

Gurasooi, etxea ikastola eta lantoki bihurtuta, umeen ikasketa prozesuan bitartekari handi bilakatu zaretelako eta, batzuok egun gogorrak bizi arren, familiaren berotasunari eutsi diozuelako.

Zuzendaritza taldeetako kideoi, egoera berezi honetan ikastola etxe guztietara irits zedin lan bikaina egin duzuelako.

Ikastolen Elkarteko lan talde guztiari, hau dena ongi joan zedin baliabideak eta jakinduria guztia eskaini dituzuelako.

Guztiok egin duzue eskatzen zaizuena baino gehiago. Ikastolen Elkartetik, Euskal Herriko Ikastolen komunitatearen babes osoa eta gertutasuna adierazi nahi dizkizuegu. Guztioi, mila esker!

Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Batzordea