TANTA 19-20

Irantzuk eta Hibaik osatutako bikoteak eraman du Tanta txartelen zozketako saria. Iragan urriaren 21ean egin zen zozketa notario aurrean, eta 043.939 zenbakia irten zen saridun. Txartelaren zenbakia zuenak hilabete bateko epea zuen saria eskuratzeko, baina ez zen agertu, eta, ondorioz, ordezko zenbakia, 017.203a, zuenari egokitu zaio saria.

2019ko azaroan aurkeztu genuen TANTA, ikastolei laguntza emateko txartela, eta orduan ere adierazi genuen jasotako elkartasun guztia saritu nahi genuela. Horrela, TANTA txartelen erosleak 60.000 euroko zozketa batean parte hartzeko aukera ireki genuen. Txartel bakoitzak zenbaki bat zuen, eta zenbaki horiek guztiekin egin zen zozketa iragan urriaren 21ean. Aipatu bezala, saritutako zenbakia ez zen agertu, eta, ondorioz, zozketa horretan bertan izendatutako ordezko zenbakia irten da irabazle.

Azaroaren 27an jaso zuten sariaren balioa duen txekea Irantzuk eta Hibaik. Lehenak ezin izan zuen saria jasotzera joan, lanean ari zelako, eta Hibaik bakarrik jaso zuen Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituren eskutik. Bikotea ezin sinetsirik dago oraindik, Hibaik azaldu digunez. Gasteizko Armentia ikastolako gurasoak dira, eta ikastola horren bitartez jaso zuten TANTA txartela. “Esan zigutenean gure txartelak 60.000 euroko saria jasotzeko ordezko zenbakia zeukala, pentsatu genuen: hortxe hortxe egon gara. Baina ez genuen espero, azkenean, guri egokituko zitzaigula. Hilabete bateko epea zegoen zenbaki sarituaren jabeak saria eskatzeko, eta egun batzuetara agertuko zela espero genuen. Baina egunak joan egunak etorri, ez zen ageri, eta hilabetea pasa zenean… ezin sinetsirik gaude oraindik!”.

Sariarekin zer egingo duten ez dute erabaki oraindik, baina badakite zati batekin zer egin. “Saria irabaz genezakeela jakin genuenetik, pentsatu genuen zati bat ikastolari itzuliko geniola. Hori argi izan dugu hasieratik. Gure ikastolan, ikastola guztietan bezala, beti dago gauzak egin beharra, eta uste dugu Armentia ikastolak ere merezi duela sari honen zati bat, berak nahi edo behar duen horretan erabil dezan”. Saria irabazi dutela ospatu ere egin nahi dute. “Familiarekin bazkari eder bat egin nahi dugu. Horixe izango da kartzelaldi hau amaitutakoan egingo dugun lehenbiziko gauza”, esan digu Hibaik.