IRITZI ARTIKULUA

Hasiera hasieratik ideia bat azpimarratu nahiko genuke: gaur egun ditugun aukera, erronka eta mehatxuen aurrean, Hezkuntza Sistema propioa behar dugu Euskal Herri osorako. Euskal herritarrok hezkuntzari buruzko erabakiak hartzeko eskubidea behar dugu. Garbi dago edozein herriren oinarrietako bat hezkuntza dela; hezkuntza da, besteak beste, herri baten izaera, ezaugarriak, baloreak, … lantzeko tresna garrantzitsuenetako bat, eta ez gara hizkuntzari buruz bakarrik ari, baizik eta «nolako gizartea nahi dugu etorkizunean?» galderari erantzun beharko liokeen sistema bati buruz. Europako hezkuntza esparruan, Euskal Herriak hezkuntza sistema propioa izateko eta arautzeko eskubidea behar du. Euskal instituzioei, hezkuntza komunitateari eta herritarrei dagokie, soilik, hezkuntzaren gaineko erabakiak hartzeko eskumena.

Etorkizuneko hezkuntza irudikatzeko orduan, iraganari bakarrik begiratzearen arriskuaz, nostalgiatik begiratzearen arriskuaz ere ohartarazi nahi dugu; baina baita urrunegi jotzearen arriskuaz ere, errealitatearekin harremana gal genezakeelako. Beraz, gure jarrera bi premisa horien arteko orekan kokatzen saiatu beharko genuke. Horregatik, biharko erantzun horiek emateko, gaurko galdera orokorrak beharko ditugu. Begirada nazionala edukita, baina begirada partikularrak ahaztu gabe, herriz herri zer ari garen ondo egiten eta zein zailtasun ditugun ezagutu beharko dugu, horren arabera eman eta plazaratu beharko baititugu erantzunak eta proposamen ezberdinak.

Idatzi honetan, ez dugu ezer aipatuko Euskal Hezkuntza Sistema horrek eduki beharko lukeen izaera juridikoari buruz. Ez dugu uste momentua denik horretarako, zentra gaitezen funtsezkoak diren gai eta kontzeptuei buruzko eztabaidan: zer nahi dugun, zer ezaugarri izan behar dituen gure hezkuntza-sistemak. Ardaztu gaitezen, lehendabizi, puntu horietan eta, ondoren, sistemaren egitura eta modua eztabaidatuko dugu; horretarako, Europan eta munduan ikasteko hainbat eta hainbat adibide eta esperientzia ditugu.

Eta zeintzuk dira, gure ustez, hezkuntza sistema horrek bermatu beharko lituzkeen eskubide horiek?, zeintzuk izango lirateke sistemaren ezaugarri nagusiak? Hona hemen balizko zerrenda bat (ordena aintzat hartu gabe):

Hezkuntza sistema honetan, Euskal Herrian bizi diren guztiek edozein ikasmailatan edota ikas-arlotan ikasteko eskubidea izango dute, eta ez da inor baztertua izango inongo arrazoirengatik.

Euskaran eta euskal kulturan ardaztuta izan beharko luke, ikasleen euskarazko komunikazio gaitasuna bermatzen duelarik, eta hori murgiltze ereduaren bitartez ezinbestean egin beharko da, gaurko hizkuntz ereduen sistema desagerraraziz. Euskara izan beharko da komunikazio-hizkuntza eta ikaskuntza hizkuntza sistema honetan, ahaztu barik, ikasleen artean euskararen ahozkotasuna praktikatzeko benetako giroa sortu beharra dagoela.

Euskal curriculumaren arabera hezteko eskubidea izango du, eta bertako nahiz munduko jendarte zein kultur adierazpideak kontuan hartuko dira. Metodologiak aldatzeko aukera emango du, baina beti euskal curriculumean oinarrituta.

Ebaluazio sistema propioa izan beharko du, ebaluazio hezitzailea eta hobekuntzara bideratua, proba estandarizatu eta homogeneizatzaileen paradigma gainditzen duena eta sistema osoa (ikasleak, ikastetxeak, langileak, …) ebaluatuko duena.

Hezkidetzan oinarrituriko hezkuntza izango da; hots, genero estereotiporik gabeko didaktikan oinarritua eta sexu-genero sistemaz, genero sozializazio diferentzialaz, berdintasun ezaz eta irudikeriaz hausnarketa kritikoa bultzatuko duen sistema.

Laikoa ere izan beharko du. Hezkuntza benetan inklusiboa izan dadin erlijioek curriculumetik kanpo egon behar dute, edota modu integral eta soziologikoan landu beharko dira.

Ikastetxe bakoitzeko hezkuntza komunitateak bere Hezkuntza Proiektua izateko eta kalitatez garatzeko aukera izango du, baita bere langileak hautatzeko eta behar dituen inbertsioak proposatzeko aukerak ere, eta horretarako beharrezkoak dituzten bitartekoak eskainiko zaizkie, erantzukizun partekatuaren printzipioari erantzunez.

Herri ekimenak ere lekua izango duen sistema bat behar dugu; bertan, hezkuntza-komunitateko kide guztiek parte hartuko dute, betiere bakoitzaren erantzukizuna onartuz eta bereganatuz. Horretarako, behar diren baliabideak esleituko zaizkie.

Ikastetxeen arteko harremanak bultzatu eta ahalbideratuko lituzkeen sistema nahi dugu, esparru administratiboak gaindituz, antzeko ezaugarriak edo horien arteko kidetasunak dituzten ikastetxeen arteko laguntza eta lankidetza ahalbidetuko duena.

Ikasleek eskubidea izango dute hezkuntzaren bidez bere ahalmen guztiak garatzeko, etorkizunean euskaldun konprometituak eta eleanitzak izateko, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak.

Ikastetxeak oinarri demokratikoen arabera antolatuta eta kudeatuta egon beharko dira: eskubide demokratiko guztiak (adieraztekoa, biltzekoa...) bermatuz, eskola komunitatearen pluraltasuna kontuan hartuz, antolaketa zein kudeaketa demokratiko eta parte-hartzailea gauzatuz, eta eskola komunitatea osatzen duten pertsonen eta herritarren hezkuntzaren gaineko erabakiak hartzeko eskubidea bermatuz.

Euskal Herriko ikastetxeetara datozen atzerritar jatorriko ikasleei eskubide osoz euren ama hizkuntza eta kultura errespetatuko zaizkie. Ikasle horiek modu orekatuan eskolatuko dira hezkuntza-sareen eta eskolen artean. Hezkuntza aukera inklusiboak ikasleriaren egoera askotarikoa hartu behar du kontuan: beharrizan bereziko ikasleak, genero aniztasuna, gizarte desberdintasuna, erlijioa …, eskolak ikasketa beharrizan-aniztasunari arretaz erantzun behar baitio.

Azkenaldian, maiz errepikatu dugu egungo hezkuntza sistemaren zikloa agortuta dagoela, eta egiturazko agortzea dela gainera. Gure hezkuntza-sistema osoa zalantzan jartzeko garaia da, ezin dugu modu partzialean egin.

Ez da erraza izango, baina aukera dugu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Hezkuntza Lege berri bat aurrera ateratzeko. Ausardia eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari, alderdiei eta hezkuntza eragileei, gure iritziz, nahi eta behar dugun hezkuntza ereduaren inguruan adostasun sozial berri bat eraikitzeko. Zein da gure herriak behar duen hezkuntza eredua eta zein da horrek eskatzen duen sistema? Egin dezagun esfortzu berezi bat galdera honi erantzun komunitario bateratu bat ematen, eztabaida zabal eta sakon baten emaitza izango dena, denon artekoa eta hemen garatua eta gure hezkuntza sistemak dituen gabezia nagusiei aurre egiteko balioko duena; hastapeneko marra gorririk gabe, elkarlanerako borondatearekin. Gure hezkuntza sistemak eta gure euskarak merezi dute eta.