ELKARTASUNA

Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen Batzar Nagusiak gaur ebatzi ditu 2021 urterako diru-laguntzak. Hamahiru eskakizun egin ziren guztira, eta horietako hamarrek egin dute aurrera. Guztira, 802.324 euro banatu dituzte hamar eskari horien artean.

Pandemiak eragina izan du Batzar Nagusiaren antolaketan, iragan azaroan egin behar baitzen, baina orduko egoerak gaur arte atzeraraztea behartu zuen. Pandemia, dena dela, ez da aitzakia izan Euskal Herriko ikastolen ordezkariak Ficobara ez hurreratzeko, eta aretoan erabilgarri ziren aulki guztiak bete dira.

Eskari guztiak aurkeztu eta aztertu ostean, Artezkaritza Kontseiluaren proposamenak bozkatu dira, eta hauxe izan da Batzar Nagusiak onartu duen diru-laguntzen banaketa:

ELKARTASUN IKASTOLAK 2021

Onartutako diru-laguntzak

 

IKASTOLA

HERRIA

LAGUNTZA

 

 

 

Estitxu Robles kolegioa

Baiona

100.000 euro

Ikastolen Etxea

Kanbo

46.272 euro

Seaska

Ipar Euskal Herria

100.000 euro

Argia ikastola

Tutera

73.000 euro

Ibaialde ikastola

Lodosa

100.000 euro

Labiaga ikastola

Bera

60.000 euro

Bastida ikastola

Bastida

80.000 euro

Argantzun ikastola

Sagastieta

12.500 euro

Harrobia ikastola

Bilbo

162.552 euro

Uzturpe ikastola

Ibarra

50.000 euro

 

 

 

784.324 euro

Auditoria gastua

 

18.000 euro

 

GUZTIRA 2021

 

802.324 euro

 

EKARPENAK 2021

 

851.314 euro

 

Ikastolek 851.314 euro jarri dituzte ekitaldi honetan, eta horietatik 50.000 euro inguru gorde dira, urtean zehar izan daitezkeen beharrei erantzuteko.

2012an sortua

Balioan jarri nahi dugu elkartasun ahalegin honek daukan neurri izugarria. Izan ere, 2012ko azaroan Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea sortu zenetik, ikastola guztien ekarpenari esker 7.075.334 euro banatu dira beharra zuten ikastolei lagundu eta inbertsio berriak sustatzeko. Eta denboran atzerago joango bagina, 1992 urtetik indarrean dagoen ikastolen Elkartasun Kutxak 18 milioi eurotik gora banatu ditu guztira.
 

Bi europar kooperatibatan batzen gara ikastolak; Ikastolen Elkartea eta Elkartasun Ikastolak. Ikastola guztiak gara bazkide bietan. Lehenak elkarlana irudikatzen badu, bigarrenak, izenean bertan dioen bezala, elkartasuna du ardatz.

Ikastola bakoitzak dituen ikasle kopuruaren arabera urtero egindako ekarpenetik elikatzen da Elkartasun Kutxa, eta urtero banatzen da diru hori premia handiena duten ikastolen artean, ekarpen edo mailegu gisa. Azken urteotan, urtero 800.000 euro inguru banatu dira.

Bere xede nagusia ikastolen bideragarritasuna bermatzea izanik, Elkartasun Kutxak helburu zehatz hauek ditu:

֍ Ikastola berriak sortzen laguntzea.

֍ Dagoeneko sortuta dauden ikastoletan, aktibitate estrategiko berriak abian jarri eta garatzen laguntzea.

֍ Inbertsio estrategiko berriei aurre egiten laguntzea.

֍ Tokian tokiko ikastola eta eremuetan, Ikastola Taldearentzat estrategikoak diren lerro berriak sortzen laguntzea.

Taldearen laguntza behar duten ikastolentzat ikasturte amaieran irekitzen da eskaera egiteko deialdia, eta hurrengoaren hasierara bitartean jasotzen dira eskariok.

Batzorde Tekniko batek aztertzen ditu Elkartasun Kutxaren laguntza behar duten ikastolen eskariak. Talde hau Ikastolen Elkarteko eta ikastoletako adituek osatzen dute. Hauek txosten bat egiten dute, eta Balorazio Batzordera igortzen. Balorazio Batzordea Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluko eta zuzendaritzako kideez osatuta dago, eta txostena aztertu eta Artezkaritza Kontseilura eramaten dute behin-behineko proposamena. Artezkaritza

Kontseiluak txostena aztertu eta oniritzia eman ostean, Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusian bozkatu dira urte horretako proposamenak.