
Errigora proiektu herrikoi bat da, Euskal Herri mailako auzolanaren bidez, Nafarroa erdi eta hegoaldeko (Ager zonaldeko) euskalgintza eta ekoizpena sustatzen duena. Helburu nagusi horiek lortzeko urtero bi kanpaina burutzen ditu: udazkenean Euskarari Puzka (saskiak, %25 euskalgintzara) eta uda-berrian Eskutik Eskura (zonaldeko produktuak jatorrizko prezioan).
Nafarroa erdi eta hegoaldean lanean ari diren euskalgintzako eragileak (AEK, Sortzen, Ikastolak eta Agerraldia) ezinbestekoak dira euskararentzat. Euskarak zonaldean arnasa har dezan bertatik eta bertarako egiten dute lan. Zuhaitz bat balira bezala hizkuntza sustraitzeko lanetan ari dira, baina baita bertako euskaldunek arnasa har dezaten aire kutsatua garbi bilakatzen ere. Udaberriro-udaberriro loratzen dira, hizkuntza ez dadin zimeldu. Zuhaitzak lanean jarrai dezan, ezinbestekoak garenak gainontzeko lurraldetako euskalzaleok gara. Haize eta euriaren kontra jarduten duten horiei goxotasuna eta maitasuna bidaltzeko aukera bat dugu Euskarari Puzka kanpaina. Asmo horretan auzolana tresna eta palanka, ezinbesteko elkartasun-keinua da Euskarari Puzka kanpaina, ekintza txiki asko batuta sortzen den handitasun horregatik.