HITZA_ Ainhoa Astarloa Beotegi
Planetak pairatzen duen ingurumen-krisiaren aurrean gazteen konpromisoa eta erantzukizuna bilatzen duen ingurumen-hezkuntzako prozesua da Confint jardunaldia, eta bertan parte hartu du Helene Yerga bermeotarrak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekoarduradun bezala.
“Gurea, planeta urdina da; %70 ura da, hain zuzen. Baina kopuru horretatik, %2,5 baino ez da edangarria. Kopuru oso eskasa da. Jende asko bizi gara, eta kopuru txikia da”, adierazi du Helene Yerga bermeotarrak. Duela gutxi Palencian egindako Confint jardunaldian parte hartu du, eta bertako esperientziak utzitako arrastoa partekatu du bere ikaskideekin. Hain zuzen ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkari izan da bera, ekoarduraduna, eta planetak pairatzen duen ingurumen-krisiaren aurrean, uste du jendea kontzientziatzea “berebizikoa” dela, eta batez ere gazteengan jarri du begirada: “Gu, gazteok gara planetaren etorkizuna, eta, beraz, gu izan behar gara beharrezko aldaketa horren oinarria”. Ildo horretatik, esperientzia errepikatuko lukeela azpimarratu du Eleizalde Ikastolako ikasleak, eta gazteak horrelako proiektuetan sartzera animatu ditu, eta bide batez, jasangarritasunaren eta planeta zaintzearen aldeko ariketa egitera.
Yergak azaldu bezala, gure planetak pairatzen duen ingurumen-krisiaren aurrean gazteen konpromisoa eta erantzukizuna bilatzen duen ingurumen-hezkuntzako prozesua da Confint. Horretan, adin desberdinetako eta herri, eskualde edo herrialde ezberdinetako gazteen arteko “prozesu interaktiboa” bilatzen da, elkarrekin ikastea eta jardutea, helburu beragaz: planeta zaintzea.
Palencian, besteak beste, “tokiko arazo sozialak identifikatu, kausak eta ondorioak ikertu eta konponbideak bilatzen” jardun dute jardunaldian bildutako gazteek. Yergaren iritziz, ikerketa eta pauso guztien aurrean, “garrantzitsuena egitea” da: “Kausak eta ondorioak ikertu daitezke, edota konponbide posibleak bilatu, baina konponbide horiek burutu egin behar dira, egin, nolabaiteko aldaketa ikusteko”. Uragatik busti lelopean aritu dira jasangarritasunaren alde lanean gazteak. Eleizalde Ikastolako ikasleak azpimarratu du “harrigarria” izan dela bizitako esperientzia eta inoiz imajinatuko ez lituzken datuak ikasteko eta hainbat kontzeptu edo ideia barneratzeko balio izan diola.
Prozesu luzea.
“Confint jardunaldian EAEko ordezkari izatera heltzeko prozesua luzea izan da. Lehenengo, ikastetxeak ikastetxe jasangarriaren froga pasatu behar izan du, eta behin ikastetxeak froga hori pasatuta, Iraes proiektuan parte hartzeko aukera eman ziguten, ikastetxe gisa. Eleizalde Ikastola lanketa luze baten ostean heldu zen iaz Euskal Confint-era”azaldu du bermeotarrak. Hortxe aukeratu zuten ordezkari.
Euskal Herritik kanpoko jardunaldi batean lehenengoz parte hartu du, eta bertokoak zein kanpokoak esperientzia aberasgarriak direla nabarmendu du. Euskal Herriko Confint jardunaldia Busturiko Ekoetxea Urdaibain egin zuten, eta Yergak kontatu duenez, aurretik ikastolan landutakoa partekatu zuten bertan: “Gazte pila bat batu ginen, ordura arte ikasgelan landutakoak eta eztabaidatutakoak besteei erakusteko helburuagaz”. Tankera horretako jardunaldiek “ideia gehiago batzeko” balio dutela dio bermeotarrak: “Besteen lanketak entzun, eta ideia desberdinak hartzen dira, gero, ikastolan horiek lantzeko, eta planeta jasangarri baten aldeko hobekuntza horiek egiten saiatzeko”.
Eleizalde Ikastola