Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikaslea nerabezaroan sartuko da. Aldaketa pertsonal garrantzitsuak biziko ditu etapa honetan eta, aldi berean, arlo curricularraren garrantzia areagotzen joango da.

Gero eta ardura gehiago hartzen ikasi beharko du; bere norabide akademikoa zirriborratzen hasiko da eta lehen hautuak egingo ditu; gure herriko eta munduko gizarteen ezaugarriak ezagutu eta ulertzen ikasiko du; besteena aintzat hartuz, bere ingurua eta kultura estimatzen ikasiko du; bere kabuz pentsatzen eta ikasten ikasiko du ere; beste hizkuntzez baliatzen; hainbat arlotan ikasitakoa bizitzako egoera anitzetan erabiltzen ikasiko du; eta IKT baliabideak (Moodle, Drive, blogak…) oinarrizko tresna gisa era integratuan erabiliko ditu bere zeregin akademikoan eta baita asidialdian ere.

Garai berezia izango da afektibitateari eta alderdi sozialari erreparatzen badiogu ere. Lagunak egiten eta elkarrekin bizitzen ikasteak berebiziko garrantzia izango du, adiskide talde finko eta indartsuak egingo baititu.

Hori guztia bi ziklotan:

1. ZIKLOA:       DBH 1. maila eta DBH 2. maila (13-14 urte)

2. ZIKLOA:       DBH 3. maila eta DBH 4. maila (15-16 urte)

 

EKI proiektuaren gauzaketa prozesua euskal curriculumaren garapenaren baitan ulertzen dugun prozesua da. Ohikoa den modura, hiru zehaztapen-maila bereizten dira, baina maila horiek zehazteko eran berrikuntza nabariak daude. Berrikuntza horien artean aipa daiteke oinarrizko konpetentziak (metadiziplinarrak eta diziplinarrak) ardatz dituen ikaslearen irteera-profilean eta integrazioaren pedagogian oinarritutako curriculuma dela.