Haurraren mundura gerturatzen eta hau errespetatzen saiatzen gara eta jakin badakigu haurra jolasaren bidez ezagutzen duela bere ingurua eta irekitzen dela mundura. Hau honela, gure espazioetako proposamenak jolasa du ardatz. Ekintzan oinarritutako ikaskuntzari ematen diogu garrantzia eta sortuko zaizkion erronka berriei aurre eginez era esanguratsuan ikasiko du. Haurrak bere interesetatik ikasten baitu, horrek pizten du bere barne-motibazioa, eta beraz hezitzaileak adi egoten gara gure proposamenean beharrezkoak diren aldaketak egiteko. Hautatzeko aukerak ematen dizkiegu haurrei, autonomiaz jokatzeko, honetarako espazioetan mugitzeko eta adin desberdinetako haurrekin harremantzeko aukerak zabalduz.
Guretzako oso garrantzitsua da haurrak bere buruarengan konfiantza izatea eta horretarako ikastolako helduok haurraren berezko garapen gaitasunean sinesten dugu. Halaber, haur bakoitzaren izate osoari eta garapen erritmo desberdinei errespetua diogu eta honetan bere bidelagun gara, prozesuak aurreratu gabe. Haurra bere garapen prozesuaren protagonista da.
Guztion helburu nagusia haurraren ongizatea da eta horregatik gure heziketa lanarekin konprometituta gaude. Ikastolen elkarteko hainbat ikastola bezala, gu ere hausnarketa pedagogiko sakon batean murgilduta gaude, ikastolako gure proposamena etengabe aztertuz eta egin beharreko hobekuntzak eginez. Hau guztia ez da Haur Hezkuntzara soilik mugatzen eta Lehen Hezkuntzan ere hasiak gara berrikuntza pedagogikoan.