Egunetik egunera gero eta zabalagoa den komunitate batek ematen dio gorputza ekimenari; ilusioz eta anbizioz ari diren herritar, nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzaileez osatutako sare handi batek. Guztion txikitasunetik elkarlan handi bat gauzatu nahi dugu Nafarroak Euskal Herria behar duelako eta Euskal Herriak Nafarroa behar duelako.
Urtero bezala, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten ditugu, eta, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten zaio (saski bakoitzaren balioaren %25a).
Saskiren bat nahiko bazenu, idatzi bermeo@ikastola.eus helbidera adieraziz zein saski nahiko zenukeen eta zure izen-abizenak. Eskariak egiteko azken eguna azaroaren 12a izango da (egun hau barne). Gogoratu famili enpresarik izanez gero, gabon otzara modura ere eman daitekela.
Urriaren 22tik azaroaren 12ra bitartean ospatuko den Euskarari Puzka kanpainaren edizio berri honetan, "Sustraitik Espaziora" dokumentala ikusteko aukera izango da. Urriaren 30ean arratsaldeko 19:00etan Kabidxen izango dugu ikusgai.