Ikastolen Elkarteak bere aitzindaritza eta esperientzia frogatuak ditu hezkuntza eremuko I+G+B egitasmoak eta proiektuak burutzean, euskal eskolaren gestioan, oro har. IKT alorrean 15 urte baino gehiagoko esperientzia dogu, euskarazko eta euskal kulturan ardaztutako software kurrikularra eta aisialdikoa ekoiztean aitzindaria izanez, eta honeetatik eskola-gestioari zuzendutako aplikazio informatiko propioak sortu, esperimentatu, burutu eta berritzera iritsia dala, eskola erkidegoaren baitako komunikazioa errazteko aplikazioak ere sortu eta eguneratzen jarraitzen dauala.
Eleizalde Ikastola, bestalde, euskara eta euskal kultura ardatz dauan hezkuntza eleanitza praktikan jarria dauan ikastetxea gara, kalitatea ezaugarri dogula, eta horren altzoan IKT Plana deituriko egitasmoa garatua dogu azken urteotan. IKT plan honen xedez, Informazio eta Komunikazio Teknologietan urrats kualitatiboa eta kuantitatiboa egitea izan da, IKTak gure Ikastolan garatzeko plana diseinatuz eta aurrera eroanez hasiera-hasieratik ikastola pilotu izanez.
Ikastoleak behar dauan hardware, software, profesionalen prestakuntza eta dinamizazioa antolatzen ditu IKT planak, bai hezkuntza prozesuan eta bai eskolaren kudeaketan, modu koherente eta aproposean.
Informazioa bilatu, prozesatu eta komunikatzeko konpetentziak bermatuz ezagutza sortzeko gai diran ikasleak hezi behar ditugu. Horretarako, irakasleek, ikastolen pedagogia-curriculum proiektuekin bat datozen IKT baliabideak erabiliz, metodologia berritzaileak eta kolaborazio proiektuak bultzatu behar dabez eta horretan laguntzen ahalegintzen gara IKT proiektutik.
Ikasmaterialgintza proiektuekaz bat diseinatutako eta ikas-irakaskuntza prozesua hobetzera zuzenduriko IKT baliabideak ezartzen doguz Eleizalde Ikastolan. Euskarrien arteko osagarritasuna zaintzen da (papera, IKTak…), ekimen guztiak bateratzeko konbinaketa metodologikoak arakatuz eta materialgintzaren eta prestakuntzaren arteko lotura zuzena ere landuz.
Aipatu, ikasmaterial honeen erabilerarako, Eleizalde Ikastolako profesionalen inplikazioa ahalbideratzen dala, hezkuntzan, gelan bertan, curriculum arloa eta IKT teknikariak…bilduz.
Azkenik esan, Eleizalde Ikastolako kudeaketa, antolaketa eta komunitatearen partaidetza kalitatez bermatzeko, eta ikastola taldea sendotzeko, beren beregi sortutako aplikazioak ditugula: IKUDEA, ikastolaren kudeaketa akademiko eta administratiborako aplikazioa eta IKAPP plataforma, ikastolen intranet eta webgunea diseinatu eta antolatzeko softwarea.
I+K teknologiak gure eguneroko zereginetan txertatuta doguz Eleizalde Ikastolan, kudeaketa eta antolaketan zein ikas-irakaskuntza prozesuan, hau da, IKTak ikastolaren Hezkuntza Proiektu eta Proiektu Kurrikularrean integratuta izatea lehentasuna da guretzako..
“Derrigorrezko eskolaldirako Euskal Curriculuma”ren arabera IKT konpetentzien definizioa hauxe da:
“Ikaslea gai da, bere bizitzako eremuetan, egoera bakoitzak eskatzen duen IKT baliabideen erabilera egokia, eraginkorra eta arduratsua egiteko: informazioa kudeatzeko, elkarlanean aritzeko, ekintzaile izateko eta horrekin guztiarekin ezagutza sortu eta partekatzeko".
Hezkuntzaren xedea, gizakiak, gizabanako gisa, gizartekide gisa eta izadikide gisa, ahalik eta gaitasun gehien garatzea da. Ikasleari, bizitza guztirako baliagarri izango dauzan oinarrizko baliabideak eskaintzea: Euskal curriculumaren arabera, gazte batek bizitzarako behar bezalako prestakuntza izango du, zenbat eta derrigorrezko eskolaldian– oinarrizko –konpetentziak, orokorrak eta espezifikoak gehiago garatu:
Ikasleek oinarrizko konpetentzia honeek lortzeko, IKT baliabideek izugarrizko aukerak eskaintzen deuskuez, lan egiteko era berriak ahalbideratzen dabez, beti ere ikasleak eragile aktibo bihurtzeko asmoz.
Ezagutza eraikitzeko, partekatzeko eta zabaltzeko aukera berri honeek, konpetentzien lorpenaren mesedetan jarri behar doguz eta honekin, ikaskuntza prozesuan eragiteaz gain, gure gizartean eragiteko aukera ere zabalduko geunke. Hori da Eleizalde Ikastolaren helburua eta erronka.