Skip to main content

ELEIZALDE IKASTOLA – KIVa IKASTOLA DA

KIVa metodoa 2009an hasi ziren Finlandian erabiltzen, bertako Turkuko unibertsitateak garatu zuen programa Gobernuaren aginduz eta emaitza bikainak lortu ditu orain arte: 10 urtean erasotzaileen kopurua erdira eta biktimena heren bat jaistea lortu dute bertan. Jazarpen mota guztiei aurre egiteko eraginkorra da, izan jazarpen fisiko, internet bidezkoa edo bazterketa sozialari dagokiona.

KIVaren gakoa ikasleak gaitzea da. Ikasleak aktibo bihurtzea biktima defenda ditzaten eta jazarpena onar ez dezaten. Asko dira bullyinga (jazarpena) txarto dagoela konturatzen diren ikasleak baina ikasle gutxik defendatzeko pausua ematen dute.

Gaitasun hori lortzeko ikasleekin eztabaidatzen da, denek nola jokatzen duten uler dezaten: inguruan barreka daudenak, erasotzaile zuzena eta biktima bera, denek jokatzen dute rol ezberdin bat. Denena da ardura eta erantzukizuna eta beste rol bat joka dezaketela ulertu behar dute ikasleek, jazarpenaren amaitzea ekarriko duena.

Enpatia landuz, errespetua, emozioak nola komunikatu eta besteekin nola jokatu ikasten dute; biktima nola sentitzen den ulertzen dute, babes dezaten.

Erasotzaile zuzenarekin ere hitz egiten da, bakarka, jarrera hori onartzen ez dela eta horrekin amaitu behar duela adierazteko; eta zeharka, enpatia landuz eta biktimaren mina ikusaraziz.

KIVa programak bi atal lantzen ditu. Prebentzio eta interbentzio maila. Bi programetarako material eta protokolo bereziak erabiltzen ditu eta bietan irakasleen egitekoa funtsezkoa da. Behar besteko formakuntza jasotzen dute irakasleek, ikasleei erakus diezaieten gauza batzuk arruntak direla eta beste batzuk, ordea, ez, bullyinga zer den eta zer ez. Berdinen arteko gatazka ez da jazarpena, baina berdintasun egoeran ez daudenean eta botere hori baliatuz ematen den jazarpen sistematikoa BAI.

Herri, komunitate eta guztien arteko elkarlana indartu jazarpenari benetan aurre egiteko gakoa da.