Skip to main content

EKITALDIA

2021/10/25

 

Euskararen eta Euskal Kulturaren bost plaza handi dira ikastolen jaiak. Euskal musikari, kantari, dantzari eta ikuskizunetako hamaika artistaren adierazpenaren erakusleiho erraldoiak ere badira. Aurten, iaz bezala, ezin izan dira egin ohiko formatuan, eta ikastolok ez dugu hutsik utzi nahi izan aurtengo urtea ere. Horregatik, plaza horietako lagin bat prestatu dugu azaroaren 27ko jaialdian erakusteko.

Anje Duhalde eta Paz de Ziganda ikastolako abesbatza, Julen Alonso, Amak taldea eta Eñaut Elorrieta. Horiexek dira azaroaren 27an, Bilboko Euskalduna Jauregian parte hartuko duten artistak. Horietako hiru gaurko agerraldian izan dira: Maixa Lizarribar (Amak taldea), Julen Alonso eta Eñaut Elorrieta, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu eta Elkar taldeko ordezkari Andres Camio Jitu-rekin batera. Iazko jaialdian bezala, aurten ere Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga izango dira aurkezpenaz arduratuko direnak. Iluntzeko 20:00etan hasiko da jaialdia. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 15 euroan, Euskalduna jauregiaren webgunean.

Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez jaien aurtengo edizioak formatu txikian egin ditugu. Urriaren 17an Lizarran ospatutako jaia izan zen gure ohiko jaien ezaugarrietara hurbildu zen bakarra. Baina antolaketan aritu diren talde guztiek lanean jardun dute denbora guztian, baita boluntario andanak ere, aldiro egoerara egokitzen eta aurrez antolatutako ekintzak berregokitzen. Une batzuetan, pandemiak ezartzen zizkigun mugen ondorioz, gure-gureak ditugun ezaugarrietako batzuei uko egin behar izan diegu: parte-hartzeari, herrigintzari, auzolanari… Oso gogorra izan da hainbatetan.

Ekonomikoki ere helburuetatik urruti geratu gara; hori jakina genuen kasik aurretik ere.

Egia esan, pandemiak baldintzatutako egoerara moldatuta, eta zenbaitetan eguraldia lagun izan ez badugu ere, gure ustea da formatu txikiagoan izanik ere lortu dugula, gutxienez, iazko argazki desolatuari buelta ematea, eta heldu den urteko jaietarako –espero dezagun benetan normaltasuna iristea– ideiez eta gogoz berriturik iritsiko gara. Halere, iaz bezala, jai guztien artean itxiera orokor bat eman nahi izan diogu pandemiaren bigarren urte honi, eta horretarako antolatu dugu ekitaldi nazional hau.

Beronen bitartez, urtero gure jaietan parte hartzen duten artistei eskerrak eman nahi dizkiegu, baita urtero jai hauetara etortzen diren herritar guztiei ere. Eta, aldi berean, plaza bat eskaini nahi diogu euskal kulturari, bi urte gogor hauetan sektorea bortitz kolpatu baitu pandemiak. Urtero gure jaietan presente diren babesleak ere aintzat hartu ditugu, eta, nola ez, baita jaiak antolatzen ilusioa, lana, elkarlana eta auzolana eskaini duten ikastolen komunitateko kideak ere.

Plaza murriztua da Euskalduna Jauregia ikastolen jaien dimentsioarekin alderatuta. Baina, era berean, ikastolen jaien babesle den EITBri esker, ekitaldi hau Euskal Herriko etxeetara iritsiko da, jaialdia egin eta egun batzuetara emanaldia telebista bitartez eskainiko duelako euskarazko kateak. Eskerrak eman nahi dizkiogu Elkar taldeari ere, jaialdi hau antolatzeko eman digun laguntza handiarengatik.

Eta eskerrak, noski, artista handi hauei, Ikastolak Herriari jaialdian parte hartzeko erakutsi duten prestasunarengatik.

Guztiarekin, larunbat ilunabar gogoangarri bat igarotzea da gure helburua, eta osagaiak ikusita, ez dugu inolako zalantzarik, azaroaren 27an, Euskalduna Jauregira hurbilduko diren euskaltzale, musikazale eta ikastolazale guztiek gozatu egingo dutela.

Azken albisteak

2024-06-03
Koldo Tellituk liburu berri bat argitaratu du eta laster hasiko da aurkezten Euskal Herri osoan zehar, “Ni ikastola, XXI. mendeko ikastolen historia sozial bat ”.
2024-01-17
Agurne Barruso Lazkano da Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi berria. Urte hasierarekin batera hartu du kargua, eta Jose Luis Sukia ordezkatu du eginkizun horietan.
2023-11-03
Azaroaren 4an euskalgintzak deitutako MANIFESTAZIOA egingo da Bilbon, 17:00etan Euskaldunatik abiatuta. Manifestazioa euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldiaren testuinguruan kokatzen da.