Lehen Hezkuntza

Lehen hezkuntza 6-12 urte bitarteko  etapa da. Norbera erdigunea izatetik taldera irekitzen da eta taldearen bitartez mundu kulturalaren ikuspegiak finkatzen hasten da.  Haurraren pentsaera sinbolikotik arrazonamendurako bidean mundua ulertzeko tresnak garatzearekin batera, irakurketa, idazketa, ahozko gaitasuna, arlo logiko-matematikoa, irudimena eta sormena landuz, gorputz ezagutza eta identitate eta autonomiaren  bideak uztartzen dira. Hau guztia burutzeko gure abiapuntua haur eta gazteen beharrak dira, batzuetan haurraren interesetik abiatutakoa eta bestetan, guk proposaturikoa. Bakoitzak bere gaitasunak garatzeko testuinguru apropos bat eskaintzen du ikastolak, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza eredu integrala ahalbidetuz. Haurraren ezagutzetatik abiatu eta ikaskideekin  partekatuz,  ikasketa prozesu  parte-hartzaile bat sustatzea dugu helburu, beti haurraren erritmoa eta irakaslearen rola bidelagun dela kontuan izanik.

Lehen Hezkuntza etapa zabala den heinean (6-12 urte), eta ziklo bakoitzak bere funtzioa duenez,  etapa guztien arteko koordinazioak curriculum eskaintza koherente, bateratu eta egokia ahalbidetzen du. Ikastolan Pedagogia Aktiboaren baitan garatzen ditugu ikaskuntza horiek guztiak.

LH 1-2-3 mailetan eraldaketa

2019-2020 ikasturtean LH1 zikloan beste pausu bat emango dugu: Haur Hezkuntzarekiko zubi lana indartu eta pedagogia aktiboaren bidean pausuak ematen jarraituz.

Esperientzi eta bizipenetatik abiatuz lortu beharreko helburuetara iristeko eskaintza anitza izango dute eskura eta ikasketa prozesuaren gidaritza beraien esku egongo da, beti ere heldua bidelagun izanik.

Era berean proiektuetan lanean jarraituko dugu Ikastola Elkarteko Txanela materiala erabiliz.

EKI Metodologia LH 4-5-6 mailetan

EKI materiala ziklo osora zabalduko da aurten, etorkizuneko DBHko metodologiarekin hertsiki josirik. Bertan, ikasleen gaitasunak garatzeko baliabideak eskaintzen dira; bizitzan zehar aurkezten diren egoera berriak kudeatzeko tresnak eskuratuz; eta horrela, aurkez dakizkieken gertaera eta gatazken aurrean konpetenteak direla frogatuz.