Gizarteak hezkuntzari egiten dizkion eskaerak aztertu eta haiei erantzuteko, hezkuntza sisteman erreferente izaten eta gizartean eragiten jarraitzeko eta biharko munduan ikastolak egoki kokatzeko egingo duten VII. Batzarra prestatzeari berrekin diote ikastolek, pandemiak eraginda, sei hilabeteko parentesia egin ostean. Hurrengo hamarraldian egin beharreko urratsak aztertu eta erabakiak hartuko dituzte bilkura horretan.
Atzo egin zuten parentesi horren osteko lehen eskualdekako bilera. Kanbon izan zen eta Seaskako ikastolak zeuden deituta bilkurara. Gaiak sortu duen interesaren tamainako erantzuna izan zuen ikastoletako ordezkarien aldetik, jende ugari hurbildu baitzen VII. Batzarra prestatzeko landu den dokumentuaren azterketa egitera.
Azterketa horretan, azken hamar urteotako errepasoa egin da, egungo egoera azaldu da, eta etorkizunerako aurreikuspen bat ere egin da. Bistan da, pandemiak gure gizartean eta hezkuntzan izan duen eragina ere jorratu da.
Kanboko bilera eta gero, urrian eta azaroan egingo dira eskualdekako gainerako bilerak.